Bermeoko Udalak herritarren parte-hartzearekin bizikidetza udal ordenantza garatzeko parte hartze prozesua martxan jarri du. Gai hori Ingurunea deritzon lan taldean aztertu da eta gai hori lantzeko azken batzarra datorren barikuan, maiatzaren 17an, izango da arratsaldeko 19:30ean Gizarte eta Kultura etxean.
Juan Karlos Agirre Partaidetza Saileko zinegotziak azaldu duenez, azken batzar honen asmoa da “parte hartzaile denen artean egindako Bizikidetza Araudia aurkeztea, errepaso bat egitea eta, ondo ikusten badugu, araudi hau udaletxera eramatea, Zerbitzu Batzordean aurkezteko”.
Agirrek gogoratu duenez, Bizikidetza udal ordenantzaren helburua da herriko espazio publikoak bizikidetzarako eta gizalegezko portaerak izateko gune modura babestea.
Horrela, ordenantza horrek bide publikoan ekitaldiak antolatu eta baimentzea arautuko du. Ildo honetan, espazio publikoan izan beharreko portaera arauak ere zehaztuko ditu, hala nola, eskekotasuna, beharrizan fisiologikoak eta alkoholdun edarien kontsumoa.
Udal ordenantzak beste arlo batzuk ere arautuko ditu, besteak beste, saltzaile ibiltariak, ikuspegiaren degradazioa, espazio publikoen erabilera, uri-altzariak eta animaliak.
Agirrek azpimarratu duenez, Bizikidetza udal ordenantzak arautzen dituen arloak kontuan hartuta, oso “interesgarria” izan da lan hori herritarrekin batera egitea.