BERMEOKO UDALAK HERRIKO GAZTEEN LOKALEN ALKARBIZITZARAKO GIDA ERATU DAU, ‘LokaLeku’ PARTE HARTZE PROZESUAREN BARNE

Gidaren aurkezpen prentsaurrekoa 2014-07-24

Juan Karlos Agirrek, Partaidetza eta Gazteria zinegotziak, adierazi duenez, Bermeoko gazteen lokalen elkarbizitzarako gida adostu da ‘lokaLeku’ parte hartze prozesuaren barne. Gida honen helburu nagusia da lokalen erabiltzaile eta auzokideen arteko elkarbizitza hobetzea eta segurtasun arazoak ekiditzea.

Agirrek gida honen berri emateko prentsaurrekoa eskaini du Iñaki Lopez Gazteria teknikariarekin eta Maitane Múñoz Urtxintxako parte hartze arloko kidearekin batera. Agirrek gogoratu duenez Bermeoko Udalak maiatzean ‘lokaLeku’ parte hartze prozesua martxan jarri zuen ‘Bermeon Erabaki’ ekimenaren barne, lokalen jabeekin,  auzokideekin,  gazteekin eta parte hartu nahi zuten herritarrekin, guztien artean lokalen elkarbizitzarako gida adosteko.

Iñaki Lópezek azaldu duenez, lehenengo fase batean diagnostikoa egin zen, ondoren hainbat batzar egin ziren banaka eta elkarrekin gazte, jabe eta auzokideekin eta, azken fasean, guztien artean gaur aurkezten den gida hau adostu izan da.

Partaidetza eta Gazteria zinegotziak gogoratu duenez, parte hartze prozesu honen helburua izan da gazteen lokalen erabilerarengatik sortu ahal diren arazoak ekiditea eta, era berean, auzokide eta gazteen arteko hartu-emana sendotzea eta herriko gazteek erabiltzen dituzten lokalen egoera egokia izatea.

“Esku artean daukagun dokumentua, modu parte hartzailean Bermeoko gazteen lokalen erabilera egokia aurrera eroateko gida da, elkarbizitzarako oinarria, hain zuzen ere”,  nabarmendu du.

Juan Karlos Agirrek zehaztu duenez, gida honela dago banatuta: oinarrizko baldintzak (erregistroa, gazte lokalek bete beharreko gitxieneko baldintzak eta elkarbizitzarako gitxieneko baldintzak), administrazino arloko gomendioak, bizigarritasun gomendioak, osasunerako gomendioak, segurtasun arlokoak, elkarbizitzarako gomendioak eta drogen kontsumoari buruz kontuan izatekoak.

Horrela, besteak beste, gida honetan aitatzen da lokalak erregistratu egin behar direla Berhaz bulegoan eta gutxieneko baldintza bete behar dituztela (argia, ura, komuna, su-itzalgailuak, larrialditarako argiak, aforoa errespetatu…).

Horrez gain, zaraten inguruan ere baldintza batzuk zehazten dira, hala nola, etxe baterako normaltzat hartzen diren dezibelioak ez gainditzea, musikaren bolumena jaitsi 22:00etatik aurrera eta musika itzalita egotea 23:00ak eta hurrengo eguneko 10:00ak bitartean. Jai egunen kasuan musikaren bolumena 24:00ak arte luzatu ahal izango da.

Ordutegiari dagokionez, astegunetan lokala hutsik eta jarduera barik egon beharko litzateke 23:00etatik aurrera, asteburuetan (barikuak eta zapatuak) ordutegia 24:00ak arte luzatuko da. Jaien kasuan, ordutegia 02:00ak arte luzatuko da.

Bestalde, osasunerako eta segurtasun arloko gomendioak biltzen dira: lokalak garbitzea, lehen laguntzarako botikina izatea, lokalaren barne ez sukaldatzea eta surik ez egitea, animaliak bakarrik lokal barruan ez egotea…

Bermeoko gazteen lokalen elkarbizitzarako gidan, Bermeoko Udalak lokalak droga legal edo ilegaletatik kanpoko eremua eta ke bako guneak izatera animatzen du.

“Horiek eta beste asko dira Bermeoko gazteen lokalen elkarbizitzarako gidan jasotzen direnak eta espero dugu guztion parte-hartzearekin egindako gida hau erabilgarria izatea guztion arteko bizikidetza bermatzeko”, nabarmendu du.

Informazio gehiago nahi duten pertsonek Gazteentzako Informazino Zerbitzuan (GIZ) eskuratu ahal izango dute (Gizarte eta Kultura Etxea, 1. solairua). Tel.: 94 617 91 58) / Posta elektronikoa: giz@bermeo.org)

INFO + http://www.bermeokoudala.net/1183.html

bermeonerabaki -ri buruz

Bermeon Erabaki. Herritarrok erabaki-tresnak sortzeko parte-hartze prozesua.
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi iruzkina