Bermeoko gazte lokalen bizikidetza gida sortzeko ‘lokaLeku’ parte hartze prozesua martxan jarriko du Bermeoko Udalak.

Parte hartze batzarrak: lokaleko jabeekin maiatzaren 13an, auzokideekin maiatzaren 14an, lokaletako gazteekin maiatzaren 15ean eta guztiekin maiatzaren 22an

Ikusi hemen prentsaurrekoaren laburpena: http://vimeo.com/93271151

Herriko gazte lokalen bizikidetza gida sortzeko Bermeoko Udalak ‘LokaLeku’ parte hartze prozesua martxan jarriko du ‘Bermeon Erabaki’ ekimenaren barne. Helburua da gazteen lokalen erabilerarengatik sortu ahal diren arazoak ekiditea eta, era berean, auzokide eta gazteen arteko hartu-emana sendotzea eta herriko gazteek erabiltzen dituzten lokalen egoera egokia izatea.

Imagen

Juan Karlos Agirre Gazteria eta Partaidetza zinegotziak eta Iñaki López Gazteria teknikariak hiru fasetan garatuko den parte hartze prozesu honen berri eman dute gaur egindako prentsaurrekoan. “Lehenengo fasean diagnostikoa egingo da, bigarrenean eztabaida tailerrak egingo dira eta hirugarrenean denon artean eraikitako gida adostu eta aurkeztu egingo da”, nabarmendu du Agirrek.

Parte hartze prozesu honetara herritar guztiak gonbidatuta daudela azaldu du, baina, batez ere, lokalak erabiltzen dituzten gazteak, lokalen auzoetako bizilagunak eta lokalen jabeak. Hauek LokaLeku parte hartze prozesuan inplikatzen “ahalegin berezia” egingo dutela gaineratu du, izan ere “gazte lokalen gidan interes handiagoa duten taldeak dira”.

Iñaki Lópezek azaldu duenez, lehenengo fasea diagnostiko fasea izango da eta horretan herriko lokalen egoeraren berri izan eta egon ahal diren arazoak identifikatuko dira lokaletan bertan. “Momentu honetan fase honetan gaude eta horregatik deialdi bat egin nahi diegu gazteei lokaletako ateak irekitzeko eta horien inguruko hainbat galderari erantzuteko”, esan du.

Batzarrak

Bigarren fasean herritarren iritziak eta egoera ezagutzea da helburua, besteak beste, lokalek duten erabilera, gazteen eredu eta aisialdi aukerak eta bizilagunek lokalen fenomenoa nola bizi duten.

Horretarako lau batzar burutuko dira: Lehenengoa maiatzaren 13an, martitzenean, izango da eta lokalen jabeei zuzenduta egongo da, bigarrena maiatzaren 14an, eguaztenean, auzokideen batzarra izango da eta hirugarrena maiatzaren 15ean, eguenean, gazteekin egingo dena. Azkena maiatzaren 22an, eguenean, izango da eta gazte, auzokide eta jabeen arteko batzarra izango da. Guztiak 19:00etan izango dira Gizarte eta Kultura Etxean.

Hirugarren fasean bizikidetza gida adosteko prozesuan sartuko direla azpimarratu du Lopezek eta, horretarako, hiru batzar egitea aurreikusten dute gazte, auzokide, jabe eta udal ordezkari eta teknikariekin. Parte hartze batzarrak maiatzaren 29an, ekainaren 5ean, eta ekainaren 12an (eguenak) izango dira Bermeoko Gizarte eta Kultur Etxean, 19:00etan.

Agirrek azaldu duenez, gazteriaren aisialdiaren ereduaren baitan, lokalen fenomenoak hazkunde nabaria bizi izan du azken hamarkadan. Bere esanetan, “lokal hauen baldintzak zein erabilerak anitzak dira eta Bermeoko Udalak gazte-lokalen erabilera egokia izateko gida bat egitearen beharra ikusi du”.

“Gazte lokalen erabilera-baldintzari buruzko gida, herritarrekin batera sortu nahi du Bermeoko Udalak eta LokaLeku prozesu parte-hartzailea martxan jarriko dugu. Hortaz, interesa duten pertsona guztiei LokaLekun parte hartzera animatu nahi diegu, guztion ekarpenak eta iritziak beharrezkoak direlako”, nabarmendu du.

LokaLeku parte hartze prozesuari buruzko informazioa zabaltzeko kartelak jarriko dira eta http://www.bermeokoudala.net, facebook.com/bermeonerabaki-n ere eskuratu ahal izango da. Horrez gain, bermeonerabaki.wordpress.com-en horren inguruko informazioa herritarren esku egongo da eta Gizarte eta Kultura Etxean kokatuta dagoen Gazteentzako Informazino Zerbitzura (GIZ) ere jo ahal izango da informazioa eske.

 

bermeonerabaki -ri buruz

Bermeon Erabaki. Herritarrok erabaki-tresnak sortzeko parte-hartze prozesua.
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi iruzkina